Auñamendi eskualdeko Garralda herrian kokatuta dagoen ikastetxe publiko eta euskalduna da gurea; bertan Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapak biltzen dira; 3 urtetatik 16 urte bitarteko ikasleak ditugu.

Azken urteetan, irakasleentzat betetzeko zailak diren lanpostuak sortu zirenetik, egonkortasunean hobera egin dugu, baina aurretik ikasturte bakoitzean irakasle taldearen zati handiena aldatzen zen eta ikasturtea martxan jartzea zaila gertatzen zen, urtero ia berritik hasi beharra genuen.

Egoera horretan 2007/2008an kalitate planean sartzeko aukera egin genuen. Helburu garbi bat genuen: Garralda ikastetxeko antolaketa finkatzea. Honela ikasturtearen hasiera antolatua izango genuke, baita programazioak eta haien jarraipena, ebaluazioak, bizikidetza araudiak, … egiten genuen guztia antolatu eta arautu nahi genuen.

Hilabetean behin Kadineteko lankideen gidaritzapean, Iruñako Jose Vilan beste ikastetxe batzuekin batera lanean hasi ginen, prozesuen inguruan hausnartu eta erabakiak hartzen. Ikastetxeko ftp-a ere sortu genuen burutzen ari ginen prozesuen nondik norakoak irakasle guztiekin partekatzeko. Sare birtualean lan egiten ikasi genuen.

2020ko IKKS araua ezarri zenean, jauzi bat ematera bultzatuak izan ginen. Kalitatearekin konpromezua genuen aitortua eta Kalitatezko ikastetxearen aintzatezpena lortu behar genuen. Lanean jarri ginen eta finkatu gabe genituen sistematikak garatzea lortu dugu. Horregatik gaude gaur hemen.

Kalitateak hasieran genuen helburua guztiz bete duela esan behar dugu. Gaur egun Garraldako ikastetxearen antolamendua finkatua dagoela esan daiteke; hobetzeko, eguneratzeko edo moldatzeko dokumentu eta sistematikak izanagatik ere. Zuzendaritzako kideek, baita irakasleek ere antolaketa hori eskertzen dute.

Amaitzeko eskerrak eman nahi nizkieke Kadineteko lankideei, 16 urte hauetan gure gidari eta lagun izan direnei. Mila esker zuen lanagatik. Batez ere ezberdinak garen ikastetxeetara Kalitatea Kudeatzeko Sistema moldatzeko eskaini diguzuen malgutasunagatik. Izugarri eskertzen dugu malgutasun hori, ez bait da ohikoa.

Ainhoa Mendia Orradre (Garralda ikastetxeko Kalitate arduraduna)


También te podría interesar

Texto de ejemplo